Nerbio sistema periferikoa irudikatuko bagenu, trikuaren antza
hartuko luke gorputzak: garunaren eta ornomuinaren ardatzetik 86 nerbio
irteten dira. Gero ezin konta ahala izpitan banatzen dira, hari
fin-finak legez gorputzaren alde txikieneraino iritsiz. Printzipioz,
nerbio eta azpinerbio horietatik guztietatik edozeinetan ager daitezke
arazoak; sintomak, berriz, hondatutako nerbioak gobernatzen duen gorputz
ataletan edo funtzioetan agertuko dira. Hala ere, arrisku bereziko
lekuak daude; alegia, gorputzaren egiturarengatik nahiz eguneroko
aktibitateengatik lesioak sarriago izaten dituzten guneak. Arrisku gune
nagusietako batzuk bizkarrezurrean daude: ornomuineko nerbioek kanpora
irteteko erabiltzen dituzten leihatiletan.